BBKren Beka – ILPVAM

BBK Gizarte Ekintzak kultura bultzatzen jarraitzen du, gure erkidegoan goraka ari den sektorea baita. Horren erakusle da, hain zuzen, International Leadership Program in Visual Arts Management programan parte hartzeko eskainiko duen beka.

Programaren aurkezpena

International Leadership Program in Visual Arts Management programa ondoko erakundeen lankidetzaren emaitza da: Deustuko Unibertsitatea (Deusto Business School), NYU (New York University, AEB) eta Guggenheim Bilbao Museoa. Enpresarekin loturiko teoria eta teknika berritzaileenak, ikus-arteak kudeatzeko eta administratzeko erabiltzen diren mundu mailako kontzeptu eta joera berrienekin uztartzen ditu. Izan ere, ikus-arteetako edo antzeko arte diziplinetako adituei hezkuntza programa zehatza eta erakargarria eskaintzea baita helburua. Programa honek ikuspegi berritzaile batetik heltzen dio ikaskuntzari. Ikastaroa bost eguneko moduluetan banatuko da, eta horietako bakoitzean, adituek eskolak emango dituzte, hiru toki desberdinetan -New Yorken, Bilbon eta Abu Dhabin-. Zalantzarik gabe, esperientzia bikaina biziko dute parte hartzaileek.

Helburuak

Programak ingurune kulturaniztun bat eskaini nahi die parte hartzaileei, ikus-arteekin loturiko erakundeen zuzenketari eta kudeaketari buruz dakitena garatu eta sakondu dezaten. Gero, ikasitakoa euren testuinguru eta erakundeetara eramateko.
Hauexek dira programaren helburu nagusiak: arte-industria globalaren gaur egungo testuinguru lehiakorra eta arrakastaren gakoak ulertaraztea; kultura-erakundeen ikuspuntu estrategikoa eta lidergorako trebetasunak indartzea, XXI. mendeko industriaren erronkei aurre egiteko; erabakiak hartzeko prozesua hobetzea, eta horretarako, arteen kudeaketaren oinarriak ezagutzea (estrategia eta gobernantza, finantza-kudeaketa, marketina, fondo eta eragiketen bilketa), eta arte-industrian diharduten lankide, aditu eta profesionalen nazioarteko sarea handitzen jarraitzea.

Parte-hartzailearen profila

Programa ikus-arteetan edo antzeko beste arte arloetan gutxienez bost urteko esperientzia duten profesionalei zuzenduta dago. Aintzat hartuko dira, baita ere, arteen arloan eskarmenturik ez izanagatik, exekutibo modura esperientzia profesional adierazgarria izan eta beren karrera arlo honetara zuzendu nahi duten hautagaiak. Hautagai guztiek ongi moldatu behar dira ingelesez, Programa hizkuntza horretan egingo baita.

Edukiak

Arestian esan bezala, programak ikuspegi berritzaile batetik heltzen dio irakaskuntzari; modulu trinkoak nazioarteko sareen sorrerarekin uztartzen baititu. Programa 2013ko apirilean hasiko da eta hiru modulu trinkotan dago egituratuta, 5 egun modulu bakoitzeko:

  • 1. modulua: Bilbon, 2013ko urriaren 7tik 11ra
    Ingurua ulertzea: mundu-mailako joerak eta ikuspuntu estrategikoa
  • 2. modulua: New Yorken, 2014ko otsailaren 3tik 7ra
    Lidergoa, Publikoa eta Finantziazioa
  • 3. modulua: Abu Dhabin, 2014ko apirilaren 6tik 10era
    Artearen sektore globalean jardutea

Programaren prezioa

7.880 € (prezioak matrikula, materialak eta egunsariak barne hartzen ditu). Programa hasi baino bi hilabete lehenago matrikula egiten dutenek, %5eko beherapena izango dute.

Bekaren diru-kopurua

Diru-laguntza 1.700€-koa izango da, eta horrela banatuko da:

  • Erdia urrian, lehenengo modulua hasten denean.
  • Beste erdia, berriz, ikastaroa bukatutakoan, betiere jasotako dirua erabili dela frogatzen bada.

Halaber, graduondoko programaren gainerako zenbatekoa finantzatzeko aukera ere badago, mailegua baldintza berezietan eskatuta, hain zuzen (horri buruzko argibide gehiago behar baduzu, zure ohiko Kutxabank bulegora jo dezakezu).

Eskatzaileek bete beharreko baldintza orokorrak

  • Diru-laguntza hori lortu nahi dutenek, ikastaroan onartu beharko dituzte lehendabizi.
  • Gainera, Kutxabankekin lotzen dituzten ondoko eskakizunak bete beharko dituzte:
    1. Kontu baten eta finantza-txartel baten titularra izatea, urtebetez baino gehiagoz.
    2. Bizilekua Bizkaian izatea.
    3. Nomina, langabezia-prestazioa, etab. helbideratuta izatea, gutxienez urtebetez.
    4. Halaber, lotura-maila hori zer nolakoa den kontuan hartuko da.
  • Aurretik BBKren bekarik lortu ez duten pertsonek lehentasuna izango dute.

Oharra: Deialdiak aldaketak izan ditzake, ILPVAM programan gerta daitezkeen aldaketek eraginda.

Informazio gehiago