BBK Professional Internships Beken Programa

BBK-k, Deustuko Unibertsitatearekin batera eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin, atzerrian lan-praktikak egiteko deialdia egin du. Programa honen helburua Bizkaiko Lurralde Historikoko gazteen nazioarteko mugikortasuna sustatzea da, haien profil akademiko eta profesionalarekin zerikusia duen prestakuntza praktikoa jaso dezaten.

Horretarako antolatu da programa hau, hain zuzen, Deustuko Unibertsitateko Gradu edota Master titulu baten jabe diren gazteek (2013/14 edo 2014/15 ikasturteetan lortua) lan-praktikak atzerriko enpresa edota erakundeetan egin ditzaten.

Ezaugarri orokorrak

  • Bekaren edukia:
    • Bekaren barruan dago Deustuko Unibertsitateak praktikak hasi aurretik emango duen 50 orduko prestakuntza-ikastaroa. Horra ikastaroaren moduluak: programaren nondik norakoak, adimen emozionala, komunikazio eraginkorra, talde lana, berrikuntza, atzerriko lan-praktikei nola ekitea eta negoziazio-teknikak.
    • 6 hileko praktika-aldia atzerriko enpresa batean.
    • Gizarte-segurantzako kotizazioaren estaldura.
    • Erantzukizun zibileko eta Istripuetako poliza, eta azken horren osagarri den Bidaiako Laguntza.
  • Diru-hornidura: hilean 1.055 € garbi praktikak egingo diren herrialdera joateko eta mantenuari eta ostatuari aurre egiteko.
  • Eskaera egiteko epea: ekainaren 30era arte.

Beka jaso eta erabiltzeak ez du inolaz ere bekadunaren eta enpresa edo erakundearen arteko kontratu edo estatutu bidezko loturarik sortuko, ez eta Deustuko Unibertsitatearekin ere.

Hautagaiek bete beharreko eskakizunak

  1. Deustuko Unibertsitateko Gradu edo Master titulu baten jabe izatea, 2013/14 edo 2014/15 ikasturteetan lortua.
  2. 18 eta 30 urte bitartekoa izatea.
  3. Administrazio-egoitza Bizkaiko Lurralde Historikoan edukitzea.
  4. Langabezian eta Lanbideren zerrendetan egotea.
  5. Praktikaren lanpostuan lan-esperientziarik ez izatea.
  6. Aurretik antzeko ezaugarriak dituen BBKren programa batean parte hartu ez izana edo BBKren zuzeneko laguntzarik jaso ez izana.
  7. Aurretik atzerrian praktikak egiteko aukera eman dion beste beka bat eskuratu ez izana.
  8. Ingeles maila bikaina edukitzea (B2 maila izango da erreferentzia).
  9. Praktikak eskaintzen dituen enpresa edo erakundeak eskatzen duen profila betetzea.
  10. Beka KUTXABANKen kontu batean abonatuko da. Bekaren onuradunak kontu horren titularra izan behar du.

Eskaeren tramitazioa

Eskaera tramitatu ahal izateko, beharrezkoa da orrialde honen behealdean eskuinetara dagoen eskaera-orria bidaltzea. Horrez gain, ondoko dokumentazioa eskaneatuta bidali behar da helbide honetara: alumni_empleo@deusto.es

  • NANaren fotokopia.
  • Unibertsitateko tituluaren edo tituluen fotokopia.
  • Eskatutako hizkuntza-mailaren egiaztagiriaren fotokopia, 4 urte baino gehiagoko antzinatasuna ez duena.
  • Errolda-agiria.
  • DARDE (Enplegu Eskaeraren Alta Egiteko eta Berritzeko Agiria).
  • Curriculum Vitae, gaztelaniaz eta ingelesez.

Deustuko Unibertsitatea arduratuko da hautaketa-prozesuaz, jarraian zehazten diren urratsen bidez:

  1. Curriculum Vitaeak aztertu eta titulazioa, prestakuntza osagarria eta praktikak baloratuko ditu, berdintasun, meritu eta gaitasunaren irizpide orokorretan oinarrituta.
  2. Hautagaiak elkarrizketatuko ditu, praktika eskaintzen duen enpresa edo erakundeak eskaturiko profilera egokitzen diren aztertzeko.

DEIALDIAREN ERANSKINA

Deustuko Unibertsitatea