BBK Bekak – Diseinatzaile Gazteak 2017

Artea eta kultura sustatzeko helburuarekin, BBK-k Bilbao International Art & Fashion erakundea diruz laguntzen du, gizartean goraka ari den modaren sektorea bultzatzeko. Ekimen horri esker, Bizkaiko 12 diseinatzaile gaztek ikastaro bat egiteko aukera izango dute Londreseko Central Saint Martin´s College eskola ospetsuan, irailaren 11tik 22ra.

Proiektuaren izenburua eta azalpena

“Balenciaga eta siluetaren iraultza”

Cristobal Balenciagak emakumeen janzkeraren historiako ekarpenik handienetako bat egin zuen: silueta berriak sortzea. Diseinatzaileak bere maisutasun teknikoa eta ehunen ezagutza sakona erabili zituen gero eta silueta garbi eta abstraktuagoak sortzeko.

Proiektu honi esker, hautaketa-irizpide zorrotzekin aukeratu diren ikasleek garaiko arau guztiak hautsi zituzten jantziak hurbiletik ezagutuko dituzte, kurba eta lerro arinetan eta bolumen harrigarrietan oinarritutakoak. Gero, ezagutza horrekin proiektu pertsonal bat garatuko dute.

Ikastaroaren helburuak

  1. Diseinatzaileek estanpatu, patroigintza eta jantzigintzari buruz dituzten ezagutzak praktikan jartzea, amaitutako jantziak sormenez gauzatzera bideratutakoak.
  2. Kolore, irudi eta materialen erabilera irudimentsuaren bidez, diseinu-irtenbideak lortzeko ikasle bakoitzak egin duen ikerketa aztertzea.
  3. Sormenezko ikerketa intelektual bat garatzea, arriskuak hartzeko gaitasunei eta proiektu eta irtenbideak aurkeztu eta justifikatzeko abileziari buruzkoa.
  4. Ideiak irudi bidez edo ahoz komunikatzeko gaitasuna lantzea.

Ikastaroaren garapena

Ikastaroa irailaren 11tik 22ra egingo da, Londreseko Central Saint Martin´s College (Granary Building) eskolan.

Ikastaroaren azalpena

Central Saint Martin’s eskolako akademikoek BIAAFek (Bilbao International Art & Fashion) proposaturiko gazte talde bat aukeratu dute moda diseinatzaileen belaunaldi berri baten mugarri izateko. Horretarako, prestakuntza-plan zehatz bat diseinatu dute, lanbiderako ezinbestekoak diren trebetasun espezifikoak eta jardunbide egokiak gara ditzaten. Etxera itzultzen direnean, gainera, euren inguruko diseinatzaileei transmititu ahal izango diete bertan ikasitakoa.

Aurtengo programak, “Balenciaga eta siluetaren iraultza”, Balenciaga Museoaren hurrengo erakusketa du oinarri, Hubert de Givenchy komisarioak aurkeztutako eta Cristobal Balenciaga jostun ospetsuaren lehen saltokiaren irekieraren mendeurrenarekin estuki lotutako “Collecting elegance. Rachel L. Mellon´s legacy”. Cristobal Balenciaga jenio unibertsalaren ikuspegi iraultzaileak ekintzaile izateko, nazioartera zabaltzeko eta garai hartako moda berritzeko aukera eman zion

Ikastaroa nazioarteko beste lau eskola entzutetsu hauekin batera garatuko da: Antwerp Royal Academy of Fine Arts (Anberes), Shenkar College (Tel Aviv), Royal Danish Academy of Fine Arts (Kopenhage) eta Kyoto Seika university (Kyoto). Bada, hemengo talentu gazteek ikastaroan zehar diseinatu eta sortzen dituzten jantziak Balenciaga Museoan jarriko dira erakusgai, izen handiko unibertsitate horietako ikasleen lanekin batera, BIAAFeko diseinatzaileen talentua agerian jartze aldera.

Programari amaiera biribila emateko eta mendeurrena aitzakia hartuta, gure 12 diseinatzaileek Central Saint Martin´s eskolako ikastaroan sortzen dituzten jantziekin bilduma bat sortuko da, Bilbon josiko dena. Helburua gazte horien espiritu ekintzailea sustatzea da, eta Bilbo nazioarteko puntako diseinua hartzen eta dinamizatzen duen hiritzat hartua izatea.

Informazio gehiago behar izanez gero, jo Bilbao International Art & Fashion – BIAAFera.

http://www.biaaf.com/nosotros.php?idioma=es