BBK BOOTCAMP 1. Edizioa – izena emateko epea irekita

BBKk lehen aldiz ekarriko du Euskadira ‘coding BOOTCAMP’ bat, prestakuntza trinkorako sistema berria, ikasleen %75 baino gehiago laneratzen dituena

 

BBKk datorren apirilean lehenengo aldiz ekarriko du Euskadira ‘coding bootcamp’ bat, hau da, prestakuntza trinkoko sistema berria, eta hiru hilabeteko epean ikasleak beharrezko gaitasun profesional guztiak lortu ahal izango ditu garatzaile informatikoaren lanbidean jarduteko.

BBKk eskarmentu zabala du beken eta prestakuntzaren arloan. Bizkaitarren gaikuntza eta enplegagarritasuna bere lehentasunetako bat dira; horregatik, joerak aztertzen ditu eta, batez ere, arrakasta-kasuak, arlo honetan erreferenteak diren beste herrialde batzuetan. Kasu zehatz honetan hilabeteak daramatza ‘bootcamp’ak aztertzen, Estatu Batuetan ugari direnak eta arrakasta-indize handiarekin, gainera.

BBKk bazkide estrategiko bat bilatu du, arlo honetan eskarmentua duena, lehen aldiz Euskadin ezartzeko. Zehatz esanda, lehenengo eskainiko dena ‘coding bootcamp’ bat izango da.

 

Coding bootcamp

2012an sortu ziren Estatu Batuetan lehenengo ‘coding bootcamp’ak, enpresen aldetik gero eta handiagoa zen garatzaile-eskariari erantzuteko. Arriskuaren kontrako formula bat diseinatu zen: hilabete gutxitako prestakuntza trinkoa, ikasleak software juniorraren garatzaile legez berehala beharrean hasteko prestaturik aterako zituena. Urte batzuk geroago, laneratze-tasak gora doaz etengabe eta %75en gainetik daude, kasu batzuetan %100eraino iritsiz.

Hain handia izan da formularen arrakasta, ezen hasieran Ipar Amerikakoa bakarrik zen programa batek mundu osora zabaltzea lortu baitu, baita Europako metropoli nagusietara ere.

Garatzaileen eskaera gero eta handiagoa izanik, gaur egun Europako Batzordeak uste du jende-eskasia dagoela gaitasun digitalekin, eta 2020. urterako 756.000 postu egongo direla bete gabe informazioaren teknologien arloan. Euskadin zehazki, adituak bat datoz, alegia, enplegu-poltsa garrantzitsua dagoela bete gabe arlo honetan. Egia esateko, 2017. urte hasieran bazegoen Euskadin 300 programatzaile juniorren eskaria, Lanbide Heziketako edo Unibertsitateko graduatuen aldetik estali gabea (askotan larregi kualifikatuak azken hauek).

Coding bootcamp-en helburu nagusia trebetasun digitalak eskatzen dituzten enplegu-eskaintza eta eskariaren arteko tartea murriztea da, erarik praktikoenean irakatsiz, ikasleak lan-munduan ahalik eta ondoen sartzeko presta daitezen. BBK Bootcamp programan zerturiko formulak hiru zutabe ditu: prestakuntza sozio-emozionala, prestakuntza teknikoa eta enplegurako prestakuntza. Ikasleek programatuz ikasiko dute ikasten eta programatzen. Hau da, bootcamp-ak beharrezko tresnak emango dizkie merkatu digitalean sortzen den edozein aldaketatara egokitzeko eragozpenik gabe, eta oso era praktikoan ikasiko dute programatzen, egutegia azterketaz bete beharrik gabe. Gaur egun Euskadiko enpresek gehien eskatzen duten lengoaia erabiliz programatuko dute: .NET-a. Gainera, etengabeko aholkularitza izango dute beren zorroa, beren curriculuma prestatzeko eta lan-elkarrizketetara begira laguntzeko. Beste prestakuntza batzuk ez bezala, ikasleak etengabeko harremanetan egongo dira profil horietako garatzaileak bilatzen dituzten puntako teknologia-enpresekin.

 

Bootcamp gehiago Bizkaia osoan

Baina hau lehen urratsa besterik ez da, BBKk ikasleen eta enpresen eskaria aztertuko du, eta ikasleen ondorengo laneratze-indizeak. Honela, eskaintza zabaldu egingo da laster beste arlo profesional batzuekin eta beste kokaleku batzuekin Bizkaia osoan.

BBK

BBKk berea du  Kutxabanken %57, eta honek Bizkaiko ekonomiaren sustapenean ere laguntzen du inguruko enpresetan egiten dituen inbertsioen bidez. Sorturiko diru-sarrerekin, Espainiako lehen Gizarte Ekintza gauzatzen du biztanleko, eta bigarrena tamainari dagokionez. Gizarte Ekintza honek balio sozial eta ekonomiko iraunkorra sortzen du, eta honen onuradunak bizkaitar guztiak dira.

 

INFORMAZIO GEHIAGO ETA IZENA EMATEA