BBK-BioCruces Ikerketa Beken Programarako aukeratu diren proiektuak

BBK-BioCruces Beken bigarren deialdian bi proiektu aukeratu dira: lehenengoa tumore linfatikoen eta leuzemiaren garapenean proteina batek daukan egitekoari buruzkoa da; bigarrena, berriz, anemia hemolitikoaren -jatorri genetikoa duen gaitzaren- diagnostikoa hobetzea helburu duen ikerketa bat da.

Aukeratutako lehen proiektuak zera aztertzen du: proteina jakin batek leuzemia eta tumore linfatikoen garapenean eta sendagaien aurkako erresistentzian duen eragina. Bigarren proiektuak, aldiz, anemia hemolitiko korpuskularra diagnostikatzeko mutazio genetikoen identifikazioan oinarritutako teknika berri baten inplementazioa du helburu.

BBK-k eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Osasun Ikerketarako Institutuak (BioCrucesek) sustatutako BBK-BioCruces Beken helburua eragin sozial handia duten gaixotasunak diagnostikatzeko, tratatzeko eta prebenitzeko ikerketa-proiektuak bultzatzea da. Bekak ondokoa barne hartzen du: 12 hilabeteko kontratua BioCruces Institutuan eta 2 eta 4 hilabete bitarteko egonaldia bikaintasun zientifiko frogatua duen atzerriko zentro batean. Halaber, osasun-arloko eta medikuntza-ikerketako espezialistentzako bekak dira.

Beka hauei esker, talentua etxean gelditzea, ezagutza sortzea eta beste herrialde batzuetako zentro entzutetsuekin lankidetza sustatzea lortzen dugu; izan ere, Bizkaiko osasun-sisteman lanean hasten baitira ikasketak berriki amaitu dituzten osasun-arloko aditu berriak.

“Sekuentziazio Masiboko Teknologiaren inplementazioa Anemia Hemolitiko Kospuskularren diagnosi-genetikoa hobetzeko” proiektua

“Leuzemia eta Linfomen garapenean podokalizinak duen egitekoa” proiektua